![]() |
Hemen dira aurten ere Zizurko jaiak, eta urtero moduan bi egitarau ezberdin topatzen ditugu. Alde batetik, Udaletxeak kontratatutakoa dugu, Kultur Patronatuan erabakitakoa, urtetik urtera errepikatzen dena: behiak, su artifizialak eta dantzaldia. Bestalde, herriak antolatutako egitaraua dugu, Txosna Batzordeak antolatutako egitaraua, urtez urte handituz doana. Bi oinarri nagusi ditu egitarau honek, partehartzea eta aniztasuna. Batetik partehartzailea dela diogu, jarduera gehienetan zizurtarrok protagonistak garelako, lehenego eguneko txalupetatik hasita, azken eguneko kalderete edo playback-etara. Eta bestetik anitza, joera eta gustu ezberdineko aisialdia lantzen delako, gau eta egunekoa; txiki, gazte zein helduendako jarduerak; baita rockero, teknolari zein trikitilariendako musika eskeintzen delako. Eta nola ez, jai eredu euskaldun eta parekidea. Udalaren eskaintzak ez bezala, Txosnen egitarauak aisialdia euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzen du, euskarazko jarduerak eskeiniz eta euskaraz aritzeko eremu bat eraikiz. Eta ezinbestean parekidea, emakumearen presentzia bermatuz kontzertu zein jarduera motetan, baztertzaileak diren ereduak baztertuz eta emakumearen partehartzea sustatuz. Gure egitaraua apala da dirutan, hori ezin ukatu. Ez dugu Udalak bezain beste dirutza gastatzen, baina gure egitaraua aberatsa da oso ekimenetan. 5 eguneko programa, eta egun bakoitzeko protagonista bereziak; lehenengoa gazte eguna, bigarrena txikiena, ostirala koadrilena, larunbata presoen aldekoa, eta azkena, euskararen eguna. Hitz gutxitan esanda, herritarrok antolatutako jaiak, herritarrontzako. Gonbidatuta zaudete! |